Edukira joan

Koldo Mitxelena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Koldo Mitxelena

Bizitza
JaiotzaErrenteria1915eko abuztuaren 20a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1987ko urriaren 11 (72 urte)
Hezkuntza
HeziketaSalamancako Unibertsitatea
Tesi zuzendariaJosé Vallejo Sánchez
Doktorego ikaslea(k)Pello Salaburu
Lourdes Oñederra
Patxi Goenaga
Patri Urkizu
Miren Azkarate
Ibon Sarasola
José María Sánchez Carrión
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakhizkuntzalaria, idazlea, filologoa, unibertsitateko irakaslea eta soziolinguista
Enplegatzailea(k)Salamancako Unibertsitatea
Euskal Herriko Unibertsitatea
Jasotako sariak
KidetzaEuskaltzaindia
Zerbitzu militarra
Adar militarraEusko Gudarostea
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea
Eusko Alkartasuna

Inguma: koldo-mitxelena-elissalt-1915-1987 Literaturaren Zubitegia: 226

Koldo Mitxelena Elissalt edo Luis Mitxelena Elissalt[oh 1] (Errenteria, Gipuzkoa, 1915eko abuztuaren 20aDonostia, Gipuzkoa, 1987ko urriaren 11) euskal hizkuntzalari eta idazlea izan zen, Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia fakultateko irakasle eta Euskaltzaindiko kide.

Euskara batuaren sortze prozesuan eragile nagusietako bat izan zen, eta euskarak izan duen ikertzailerik handiena:

« Euskararen ikerkuntzari dagokionez, euskal linguistika eta filologiaren oraingo oinarriak berak ezarri zituen. Batere gehiegikeriarik gabe esan daiteke Mitxelena izan dela euskalari gorena. Euskararen iker-alor guztiak ukitzen zituen, gainera, hots, linguistika eta filologia, literatur kritika, etab. »
Henrike Knörr, Jean Haritxelhar eta Mikel Ugalde[1]
« Euskarak eman duen jakintsurik handiena Mitxelena izan da. Horretan, nik txapela kentzen dut. Ez dago dudarik. Ehun urtetik behin ateratzen da horrelako bat. »
Jose Luis Alvarez, Txillardegi[2]

Haurtzaroa eta gaztaroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artisau familia batean sortu zen. Artean gaztetxo zela, gaixotasun batek ohean egotera behartu zuen luzaro. Gertaera horri esker irakurzaletasuna piztu zitzaion, bai eta euskararako isuri bizia ere. Gaixo zegoela Zeruko Argia irakurriz hasi zen euskaraz alfabetatzen.[3]

Familia abertzalekoa zen. Gazterik ELAn eta EAJn eman zuen izena. Aitzolek zuzentzen zuen Euskaltzaleak gazte-mugimendua ezagutu zuen. Fabrika batean hasi zen lanean, aldi berean ikasketekin jarraituz, eta zenbait mitinetara ere joaten hasi zen. Garai hartan sentitu zuen gerra aurreko euskal literaturarako interesa.

Gerra-garaia, heriotza-zigorra, kartzela

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francisco Francoren altxamendu militarra izan zenean, Koldo Mitxelena boluntario joan zen abertzaleekin[4] 21 urte zituela, uniformearen ordez buzoa eta fusilaren ordez eskopeta bat zeramala.[5] 1936ko irailaren 15ean jaioterritik gertu, Usurbilgo Andatza mendian izan zuen gerrako lehen bizipena Eusko Gudarostearekin.[3][5] Bizkaiko frontean zela latinezko gramatika bat eta Xabier Lizardiren poema liburua eramaten zituen sakelan eta atsedenaldietan irakurtzen zituen.[5] Euskal kanpaina osoa egin zuen eta gaixorik zela, Bilboko erorketaren ataria izan zen Artxandako borrokaldia ikusi zuen.[3] Preso sartu zuten Santoñan, eta hiltzera kondenatu 1937ko irailaren 7an. Zigor hura 30 urteko kartzelaz kommutatu zioten. Horrela, hainbat presondegitan izan zen: El Dueson, Larrinagan, Burgosen. Burgosko kartzelan hainbat intelektual eta unibertsitario ezagutu zituen. Hantxe konbentzitu zuen Francisco Jordák, (gero Arkeologiako katedraduna izango zenak) unibertsitate-ikasketak egiteko. Zailtasunak zailtasun, ikasketa horiei ekin zien handik urte batzuetara, 1948an. Bi liburuk eragin handia izan zuten Mitxelenarengan: Menéndez Pidalen Manual de Gramática Española eta Aguado Bleyeren Historia de España.

1943ko urtarrilaren 13an libre utzi zuten, kartzelan 5 urte, 4 hilabete eta 5 egun eman eta gero.

Koldo Mitxelena Kulturune eta Liburutegia (Donostia) hizkuntzalariaren omenez izendatua.

Bigarren kartzelaldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

27 urte zituelarik eta osasunez pattal samar, Koldo Mitxelena Errenteriara itzuli zen. Jose Uranga errenteriar enpresaburuak kontulari-postua eskaini zion Madrilen. Hara joan eta lan egiteaz batera, klandestinitatean ere murgildu zen. Garai hartan, diktaduraren kontrako oposizioan bazuten esperantza bat: Bigarren Mundu Gerran aliatuek irabaziko zutela eta, horren ondorioz, Francoren erregimena jausi egingo zela.

1946ko apirilaren 10ean atxilotu egin zuten, CNTren eta EAJren inguruko jarduerak zituelakoan. Mitxelenarekin batera, hiru galegozale handi erori ziren: Ramón Piñeiro eta Saco anaiak. Bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. 1948ko urtarrilaren 30ean atera zen, beste lau kartzelatatik igaro ondoren: Alcalá, Ocaña, Yeserías eta Talaverako kartzeletatik, alegia.

Urritasuna eta garapen intelektuala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1948an berriro Errenterian zen, baina Madrilgo Filosofia eta Letretako Fakultatean matrikulatu zen, Francisco Jordá kartzelako lagunak animatuta. 1950eko eta 1960eko hamarkadak garrantzitsuak izan ziren Mitxelenarentzat: garapen intelektual handia izan zuen, baina diruz justu zebilenez, aldi bereko lanbide bat baino gehiago behar izan zuen bizibidea ateratzeko. Zituen aurrekari penalak izanik, ez zen erraza lan finkoa aurkitzea. Beharrik, zenbait lagunek ongi ezagutzen zituzten haren balioak eta ahaleginak (Arrue, Tovar, Amorós, Agud, Vallejo…).

1949an, Matilde Martinez de Ilarduia andrearekin ezkondu zen. 1951ko greban parte hartu zuen.

Unibertsitatea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
(Ezkerretik eskuinera) Koldo Mitxelena, Pio Baroja, Aingeru Irigarai, Antonio Arrue eta Julio Caro Baroja Itzea parean, Barojatarren etxean, Beran.

1954 Julio de Urquijo Euskal Filologiako Mintegiko (Seminario de Filologia Vasca Julio de Urquijo jatorrizko izenez) zuzendari izendatu zuten eta "Egan" aldizkariko erredakzioko partaide. Aldi berean, Salamancan eskolak ematen hasi zen, bere lagun Antonio Tovarrek deituta. 1958an Euskal hizkuntza eta Literaturako Larramendi katedra hartu zuen Salamancako Unibertsitatean (Espainiako unibertsitate batean euskarari eskainitako lehenengoa). 1959an doktoregoa lortu zuen; euskararen fonetika historian zehar izan dituen aldaketak aztertu zituen José Vallejo irakaslearen zuzendaritzapean (Fonética histórica vasca).[6][7] 1968an indoeuropar linguistikako irakasle izan zen. Salamancako aldi hori bere bizitzako garai zoriontsuenetakoa izan zen beretzat eta bere familiarentzat.

Ana Etxaide[8] Koldo Mitxelenari buruz (Ahotsak proiekturako)

Salamancan eskolak ematen hasi zen garai bertsuan, Euskaltzaindiak ardura handiko mandatua eman zion, euskara idatzia batzeko. Eztabaida handiko garaia izan zen hura, batez ere "H" letraren erabilerak piztu zituen tira-birak zirela medio. Euskara batua eraikitzerakoan, bere ikuspegia ez zen hizkuntzalari huts batena izan, soziolinguistikaren ekarpenak ere gogoan izan baitzituen. Argi ikusi zuen euskara batua erdialdeko euskalki erabilienen gainean eraiki behar zela. Era berean, etorkizuna nondik joan zitekeen ikusi zuen eta orduko gazte euskaltzaleek zuten sentsibilitatearekin bat egiten jakin zuen.

1964ko Baionako Euskal Idazkaritza. Euskara Batuaren helduaroa Jardunaldiaren barruan. (Jose Ramon Etxebarria, UEU, Gasteiz, 2018-06-21).

Euskara batuaren sorkuntzan zinezko detonagailua izan zen 1964an Baionako Euskal Idazkaritza. Txillardegiren bultzadaz abiaturik, idazle gazteek bidea ibiltzeari ekin zioten, baina lehenengo unetik adineko euskalari jakintsuen babesa izanik (Piarres Lafitte, Piarres Larzabal, Piarres Xarriton, Koldo Mitxelena, Imanol Berriatua, Patxi Altuna...). 1964ko abuztuan abiatu zen zorioneko biltzar hura, eta hango iritziak eta erabakiak urtebete geroago argitaratu ziren. Hiru atal zituen txostenak:ortografia, deklinabidea eta aditza. Garrantzizko ezaugarri batez hornitu zuten biltzarra: hasieratik bertatik planteatu zen mugimenduaren izaera nazionala, eta horren erakusgarri izan zen, besteak beste, dokumentuaren bukaeran h letra erabili beharreko hitzen zerrenda argitaratzea, bereziki Hego Euskal Herriko idazleen informaziorako prestatua bi tradizioen arteko lotura egiteko, nahiz eta gero euskara batuaren kontrakoen gerra-ikur bihurtu zorioneko hatxe hura. Hortaz, biltzarrean emandako gomendioak betetzen hasi ziren gazteak eta adinekoak beren testuetan, aldi berean eskaria eginez Euskaltzaindiari, batasunerako bidean pauso sendoak eman zitzan. [9][10]

Hainbat euskaltzain Arantzazun, 1972. urtean. Goian ezkerretik eskuinera: Koldo Mitxelena, Iratzeder, Jean Haritxelhar, Alfontso Irigoien, Luis Villasante, Jose Maria Satrustegi, Patxi Altuna eta Imanol Berriatua. Behean: Juan San Martin, Jose Luis Lizundia, Joseba Intxausti eta Xabier Kintana.

Parisen irakasle

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako 1968ko Maiatza famatuaren ondorioetariko bat unibertsitatearen dezentralizazioa eta zabalkundea izan zen. 1969 eta 1971 artean euskal hizkuntzalaritza konparatua irakatsi zuen Sorbonako Unibertsitatean, professeur associé gisan eta chargé de cours izan zen École Pratique des Hautes Études delakoan. Garai honetan André Martinet hizkuntzalari ospetsuarekin izan zuen adiskidetasuna aipatu behar da. Hasieran, Martineten etxean jarri zen bizitzen eta honek bere lagun eta zientzialarien giroetan sartu zuen (Jeanne Martinet, Giovana Madonia, Nicole Moutard, etab.), baita bere argitalpen-sarean ere.

« Egiazko misterioa euskararen iraupena da, ez jatorria »

—Koldo Mitxelena[11]


Soziolinguista praktikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mitxelenak hizkuntzalaritzan eta filologian egindako lan erraldoiak itzalean utzi ditu soziolinguistikan egindako ekarpenak. Bere lanetan, alor hau, teorikoki baino areago, modu praktikoan garatu zuen, soziolinguistika aplikatua da hori, azken batean. Horrela, Mitxelenaren hizkuntzalaritza lan guztien eta hartu zituen erabaki linguistiko nagusien oinarrian ikuspegi soziolinguistiko sendo bat zegoen. Mitxelenak oso argi zuen euskararen biziberritzeak estatusaren alorrean bideratu beharreko normalizazio prozesuak eta gure hizkuntza-komunitatearen barne-kohesioak ezinbestean corpus modernizatu eta estandarizatua behar zutela.[12][13]

Ikuspegi soziolinguistiko gaurkotu baten gabeziak eragin zuen neurri handi batean batuaren inguruko eztabaida. Mitxelenak oso ondo ulertu zuen zer zegoen jokoan. Militantea izanik, inguru jeltzalean batuaren aurka oso indartsuak ziren bestelako joera ideologikoen aurrean posizio hori gidatu, defendatu eta aurrera atera izanak modernizazioaren bidea zabaldu zion euskarari.[12][13]

« Batasuna eginik ere, gal daiteke; batasunik gabe, galdua dago aldez aurretik »

—Koldo Mitxelena (1970)[14]

Polifazetikoa eta behatzaile zorrotza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bokazio handiko hizkuntzalaria izan zen eta hainbat hizkuntzaren ezagutza zuen. Horrez gain, Koldo Mitxelena literatura-irakurle nekaezina zen, polizia-eleberriak barne. Zinea ere asko gustatzen zitzaion: euskaraz idatzi zituen zine-kritikak benetan interesgarriak dira. Epaimahai edota ekitaldi kultural askotara deitzen zuten, eta baita aholkua eskatu ere hezkuntza eta kultura arloko erabakiak hartu behar zirenean.

Berriz ere Euskal Herrian: Euskal Herriko Unibertsitatearen sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako trantsizio politikoa eta lehen hauteskundeak izan zirenean, Koldo oraindik Salamancan zen. Hala ere, Euskal Herriarekin lotura estuak mantentzen zituen eta bertako hainbat gertaera nagusitan parte hartu zuen: esaterako, Euskal Herriko Unibertsitatearen sorreran, edota normalizazio kulturalean. Azken urteetan, 1978tik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izan zen eta euskal filologoen lehen promozioak prestatzen jardun zuen.

Urte luzeetan euskal hiztegia prestatzen jardun zuen Mitxelenak. Azkenean, 1987an, Orotariko Euskal Hiztegiaren lehen alea argitaratu zen, baina berak ezin izan zuen inprimaturik ikusi, pixka bat lehenago hil baitzen, urte horretan bertan. Gero, langintza horretan kide zuen Ibon Sarasolak jarraitu zuen hiztegiaren lanak zuzentzen, argitalpena 2005ean burutu zen arte.

  • 2011an Mitxelenaren lan guztiak bateraturik argitaratu zituzten, 15 liburukietan, EHUko argitalpen zerbitzuetatik.[28][29]

Sariak eta omenaldiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1987an Errenteriako Udalak herriko seme kuttun izendatu zuen.

Eraikinak, plazak, kaleak eta parkeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Koldo Mitxelena kulturunea Donostian

Koldo Mitxelenaren izena jarri diote ondorengo hauei, haren omenez:

  1. Donostiako erregistro zibilean Bitoren Koldobika bezala agertzen da 1915. urtean. 1936 inguruan, Koldobika de Mitxelena y Elissalt izena erabiltzen zuen, haren gudari agiriak erakusten duenez. Preso hartu zuteneko dokumentuetan (1937-1943), Victoriano Michelena Elisalt izenarekin aurkitzen dugu. Gerora, agiri ofizialetan Victoriano Luis Michelena Elissalt bezala agertuko zen. Bere gaztelaniazko lanetan Luis Michelena sinatzen zuen, eta euskarazkoetan Luis Mitxelena hasieran eta Koldo Mitxelena ondoren, Francoren diktadura bukatu zenean. Azken garaietan, gehienek Koldo Mitxelena izenarekin ezagutzen zuten.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Henrike Knörr, Jean Haritxelhar eta Mikel Ugalde (1987): Koldo Mitxelena, Bidegileak bilduma, 1. zenbakia, 1994.
  2. Fermin MUNARRIZ: «Jose Luis Alvarez, Txillardegi: "Euskarak eraman ninduen abertzaletasunera"»[Betiko hautsitako esteka], Gara, 2010-11-14.
  3. a b c «Mitxelena Elissalt, Koldo» Auñamendi Eusko Enziklopedia (Noiz kontsultatua: 2018-11-07).
  4. Eugenio Ibarzabal: Koldo Mitxelena, Erein - ISBN 978-84-7568-266-2.
  5. a b c Agirre, Joxean. (2015-08-20). «Txiki sentiarazten gaituen biografia, Koldo Mitxelenarena» Gara (Noiz kontsultatua: 2018-11-07).
  6. «Luis Michelena Elissalt | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2022-10-18).
  7. (Gaztelaniaz) Michelena, Luis. (1961). «Fonética Histórica Vasca» Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo"  doi:10.1387/asju.8531. ISSN 2444-2992. (Noiz kontsultatua: 2022-10-18).
  8. «Etxaide Itarte, Ana - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-17).
  9. «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
  10. «Batasunaren kutxa» www.euskaltzaindia.eus (Jakin) 193 (Noiz kontsultatua: 2020-08-08).
  11. Mitxelena, K., 1988 [1978], "Euskararen bide luze bezain malkarrak" in Lakarra, J.A. (ed.) MEIG, Donostia: Euskal Editoreen Elkartea, Klasikoak 26, 25-45 [= SHLV II, 1011-1023].
  12. a b Amonarriz, Kike. (2024-09-30). «Mitxelena soziolinguista» www.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-12).
  13. a b Lertxundi, Anjel. (2001). Koldo Mitxelena gure artean – Alberdania. (Noiz kontsultatua: 2024-10-12).
  14. Mitxelena. (2021). PRO DOMO. GAN, 30(1-3). https://www.rsbap.org/ojs/index.php/egan/article/view/3915
  15. Mitxelena, Koldo. (2022). «Scholia, zuhaitz akademikoa» Scholia (Noiz kontsultatua: 2022-10-18).
  16. Lindemann, David. (2023). «Miren Azkarateri esker onez» web-argitalpena.adm.ehu.es ISBN 978-84-1319-536-0. (Noiz kontsultatua: 2023-05-31).
  17. Lindemann, David; Astigarraga Pagoaga, Aitzol; Bidaguren Ajuria-Auzokoa, Marije; Delgado Martinez, Emilio; Gonzalez Larrañaga, Galder; Sarasola Gabiola, Kepa. (2023). "Inguma eta Wikidata uztartuz, euskarazko zientziaren ezagutza-graforantz". Liburu honetan: Miren Azkarateri esker onez (Editorea: D. Lindemann). UPV-EHU ISBN 193-210. (Noiz kontsultatua: 2023-10-30).
  18. Michelina, Luis. (1973). Apellidos vascos.. (3. ed. aum. y corr. argitaraldia) Txertoa ISBN 84-7148-008-5. PMC 2774372. (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  19. Michelena, Luis. (2011). Obras completas. XIII, Historia de la literatura vasca. Literatura vasca del siglo XX. Universidad del País Vasco, Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo = Euskal Erriko Unibertsitatea, Julio Urkixo Euskal Filologia Mintegia ISBN 978-84-9860-483-2. PMC 866990686. (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  20. Michelena, Luis. (1990). Fonética histórica vasca. Diputación Foral de Guipuzkoa ISBN 84-7907-016-1. PMC 28114467. (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  21. Michelena, Luis. (1986). Lenguas y protolenguas. Universidad de Salamanca ISBN 84-7481-406-5. PMC 15136204. (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  22. Michelena, Luis. (1990). Textos arcaicos vascos. ISBN 8450592036. PMC 1120306032. (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  23. Michelena, Luis. (1964). Sobre el pasado de la lengua vasca.. Editorial Auñamendi (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  24. «Mitxelenaren Idazlan Hautatuak argitara berriak.» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  25. Michelena, Luis. (1985). Lengua e historia. Paraninfo ISBN 84-283-1379-2. PMC 15009896. (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  26. Michelena, Luis. ([1988]). Euskal idazlan guztiak. Euskal Editoreen Elkartea ISBN 84-7568-232-4. PMC 32372064. (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  27. Michelena, Luis. (2005). Diccionario general vasco / 16 Ut - Z.. Desclée de Brouwer ISBN 84-271-2663-8. PMC 163241436. (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  28. L. Michelena, Obras completas, al cuidado de Joseba A. Lakarra e Iñigo Ruiz Arzalluz, San Sebastián-Vitoria, 2011, vols. I-XV.
  29. «Luis Michelena. Obras completas (15 liburuki/tomos)» web-argitalpena.adm.ehu.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-28).
  30. «Giza kate batek Errenteria eta Donostia lotuko ditu martxoaren 24an euskara batuari gorazarre egiteko» EITB 2023-03-17 (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  31. Iraola, Arantxa. (2023-03-18). «Giza kate batek lotuko ditu Donostia eta Errenteria, euskara batua goratzeko» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]