Edukira joan

Telegrafo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Morse kodea erabiltzen zuen telegrafoa
Telegrafoaren eskema

Telegrafoa (grezieratik: τηλε, tele, "urrun" eta γραψειν, grafein, "idatzi") mezu idatziak urrutira igortzeko sistema da; bereziki, mezua seinale elektriko bihurtuz hari eroaleen bidez igortzen dena. Irrati-telegrafoak edo harigabeak irratia erabiliz bidaltzen ditu mezuak. Telegrafoak sistema berriak ere biltzen ditu, hala nola faxa, ePosta eta internet orokorrean. Hasieran Morse kodea baliatuz bidaltzen ziren mezu telegrafikoak edo telegramak. Geroago, telefonoaren antzeko telex sarea erabiliz hasi ziren igortzen.

Carl Friedrich Gaussek eta Wilhelm Eduard Weberek egin zuten hari bidezko lehen telegrafo elektrikoa 1833an, baina oso tresna bakuna zen eta kilometro batera baino ezin zituen bidali mezuak. 1837an, Samuel Morsek telegrafo elektrikoa hobetu eta mezuak distantzia handietara igortzeko gauza zen tresna bat egin zuen. Morseren telegrafoak luzera desberdineko bulkada elektrikoen gisa igortzen zituen seinaleak batzuk laburrak, beste batzuk luzeagoak eta, horretarako, botoi edo beso bat zapalduz ixten zen zirkuitua. Tresna hartzaileak elektroiman baten bidez jasotzen zuen mezua; informazioa kablez bidaltzen zen norabide bakarrean. 1896an, David Edward Hughesek telegrafo berri bat asmatu zuen, letrak paper zerrenda batean zuzenean inprimatzen zituena.

Geroztik, telegrafoak asko hobetu dira. Gaur egun, gehien erabiltzen direnak teletipoak eta teleinprimagailuak dira; tresna horiek informazioa bidali nahiz jasotzeko prest egoten dira beti eta ez dute behar sinkronizaziorik tresna igortzaile eta hartzailearen artean; mezua iristen denean, tresna hartzaileak seinalea letretara aldatzen du automatikoki, eta paper orri edo zerrenda batean inprimaturik uzten du.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]