Gipuzkoa Donostia Kutxa
- Artikulu hau Gipuzkoa Donostia Kutxari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kutxa (argipena)».
Gipuzkoa eta Donostiako Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea | |
---|---|
Mota | Aurrezki kutxa |
Sektorea | Finantza |
Sorrera | 1990 |
Egoitza | Donostia |
Presidentea | Xabier Iturbe |
Merkatuak | Gipuzkoa, Espainia, Frantzia eta Erresuma Batua |
Langileak | 3.300 |
Eskumendekoak | Norbolsa |
Webgunea | http://www.kutxa.net |
Gipuzkoa Donostia Kutxa edo Kutxa, Gipuzkoako aurrezki kutxa nagusiena da. Gipuzkoan, 132 bulego ditu, Espainian 195, Frantzian 5 eta Erresuma Batuan, 1.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gipuzkoa Donostia Kutxa 1990ean sortu zen, 1879an sortutako Donostiako aurrezki kutxa, eta 1896an sortutako Gipuzkoako aurrezki kutxak bat egitean.
2006an Nafarroako Kutxak Euskal Autonomia Erkidegoan bulegoak zabaldu behar zituela jakitean, Kutxak bulegoa zabaldu zuen Iruñean, urteetan Euskal Herriko aurrezki kutxen artean idatzi gabeko akordioa hautsiz.
BBK eta Kutxaren fusioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2008ko urrian, BBK eta Kutxako arduradunek, bi erakundeak batzeko erabakia onartu zuten, PSOEk Arabako Vital Kutxarekin ere bat egiteko jartzen zituen trabak ikusita. BBKko administrazio kontseiluak batzea onartu bazuen ere, Kutxako kontseiluko 100 konpromisarietatik 63k baino ez zuten baiezko botoa eman, fusioa onartzeko kontseilarien bi heren behar zirelarik. Bat-egitea beraz, bertan behera geratu zen.
Fusioa bertan-behera geratu ondoren, Kutxak Bizkaia eta Araban bulegoak zabaltzea erabaki du, ta 2009. urtearen hasieran Bizkaiko bere lehen bulegoa zabaldu zuen Durangon.
Kutxabank bankuaren sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2011ko martxoaren 23an BBK, Kutxa eta Vital Kutxako presidenteek elkartze birtuala egiteko akordioa sinatu zuten, horretarako hiru elkarteen jarduerak batuko dituen banku bat sortuz[1].
2011ko irailaren 23an Kutxaren batzarrean %92ak babesa eman zion kutxen bat egiteari, Kutxabank bankua sortzeko. Botazioan EAJ, PSE-EE, PP eta ezker abertzalearen ordezkariek fusioaren alde bozkatu zuten, eta Aralar, EB eta ELAk aurka bozkatu zuten. LAB abstenitu egin zen.[2]
2014ko urriaren 24an, Kutxa ere banku fundazio bilakatu zen. Patronatuak 11 kide izango zituen, haien artean Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak hautatu ez zituzten ordezkariak. Protestak egon ziren kalean. Banku fundazio bihurtu beharrean, Kutxa fundazio arrunt bat bilakatzeko eskatu zuen diputazioak, horrela errazago bermatuko zelako Kutxaren gaineko kontrol soziopolitikoa, eta hark Kutxabanken zituen akzioak esku pribatuetan ez erortzea. EH Bilduk gogor salatu zuen Gipuzkoako Aldundiaren proposamena ez eztabaidatzeko erabakia[3].
Azaroaren 20an, Xabier Iturbe izendatu zuten fundazioko presidente. Bestalde, Jose Miguel Martin presidenteordea izango zen, eta Carlos Ruiz, berriz, zuzendaria[4].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://web.archive.org/web/20110404052453/http://www.eitb.eus/albisteak/ekonomia/osoa/624758/bbk-k-vitalek-eta-kutxak-bat-egite-hotza-adostu-dute/ Eitb24 webguneko albistea.
- ↑ Kutxaren batzarrean ere %92 pasako babesa eman diote kutxen bat egiteari. Donostia: Berria (Noiz kontsultatua: 2011/09/25).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Jon Fernandez, «Kutxa ere banku fundazio bilakatu da», Berria, 2014-10-24
- ↑ «Kutxak Xabier Iturbe izendatu du fundazioko presidente», Berria, 2014-11-20