Dead Kennedys
Dead Kennedys | |
---|---|
Dead Kennedys, 2019 | |
Datuak | |
Ezizenak | The Sharks The Creamsicles Pink Twinkies The DK's |
Jatorria | San Francisco (Kalifornia, Estatu Batuak) |
Musika mota | Hardcore punk, punk rock |
Urteak | 1978–1986, 2001–egun |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Cherry Red, Faulty Products, Alternative Tentacles, Manifesto/Decay |
Taldekideak | |
East Bay Ray Klaus Flouride D. H. Peligro Ron "Skip" Greer | |
Lehengo taldekideak | |
Jello Biafra Brandon Cruz 6025 Ted Jeff Penalty Dave Scheff Greg Reeves Steve "Boomstick" Wilson | |
Informazio gehigarria | |
www.deadkennedys.com | |
Dead Kennedys, San Franciscon 1978an sortutako Hardcore punk taldea da. 1980ko hamarkadan nazioarteko underground arloan talde ospetsu bilakatu zen California Über Alles edo Holiday in Cambodia bezalako abestiei esker.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasierak: 70eko hamarkada amaiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1978an, East Bay Ray (Raymond Pepperell Jr.), rock and rolla eta surf musikarekin liluratuta zebilen gazteak, banda bat osatzeko jende bila zebilela adierazten zuen iragarkia jarri zuen. Eric Boucherrek erantzun zion, Jello Biafra izenez ezagutuko genuena gero. Biafra Londrestik zetorren eta punkak piztu zion arreta; Ramones banda Denverren ikusi zuenean, banda bat osatzeko irrika piztu zitzaion eta bi lagunek Klaus Flouride (Geoffrey Lyall) eta 6025 (Carlos Cadona) topatu zituzten. Ekainean, Dead Kennedys banda sortuta zegoen.
Lehen maketan East Bay Ray gitarra izan zen, Biafrak egin zituen ahotsak, Klaus izan zen baxua eta, 6025, berriz, bateria.
Esperientzia gehiago zuen bateria baten bila, Ted (Bruce Slesinger) aurkitu zuten eta 6025 bigarren gitarra izan zen ordutik aurrera. Lehen kontzertua Fab Mab filipinar jatetxean eman zuten, San Frantzisko iparraldean, eta, handik aurrera, maiztasun batez jotzen hasi ziren. Hori bai, izena probokatzaile samarra zen eta, askotan, beste izen batzuk erabili zituzten: The Sharks, The Creamsicles, Decay edo The Pink Twinkies.
1979an, 6025ek banda utzi zuen, ez baitzen ondo konpontzen Biafrarekin. California Über Alles grabatu zuten, lehen singlea Biafraren diskoetxea zen Alternative Tentacles Recordsentzat. Abestiak kritika zorrotza egiten zion garai hartan Kaliforniako gobernadore ultraliberala zen Jerry Browni. Zirikatzearen zirikatze, izenburuak Alemania Naziaren garaian arrazaren nagusitasunaren adierazle izan zen Das Lied der Deutschen abestiari egiten zion erreferentzia.
Hori gutxi balitz, Biafrak, hauteskunde prozesua barregarri uzteko xedean, San Frantziskoko alkatetzarako hautagai izateko aurkeztu zuen bere burua. Slogana There’s always room for Jello (Beti dago lekua Jellorentzat) eta, proposamenen artean, bankariak pailazo jantziekin joan behar zutela edo auzokideek aukeratu beharko lituzketeela poliziak zeuden. 6.000 boto jaso zituen, 10 hautagaietatik laugarrena geratu zelarik.
Bay Area Music Awards sari-banaketara gonbidatu zituzten eta, zirikatzaileak berriro ere, sprayz margotutako S handi bat zuen alkandora zuriz jantzita eta korbata beltza gainean -dolarraren sinboloa osatuz- aurkeztu ziren. Okasio hartarako konposatu zuten abestiak, Pull My Strings, musika-enpresarioei egiten zion eraso eta ez zuten sekula beste gonbidapenik jaso. Abestia ez zen inongo albumean atera, baina zuzenekoa sartu zuten Give Me Convenience or Give Me Death (Alternative Tentacles, 1987) bilduman.
Fresh Fruit for Rotting Vegetables
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1980an, bigarren singlea atera zen, Holiday in Cambodia antimilitarista, estatubatuar marinen aurka egiten zutelarik.
Urte horretan bertan argitaratu zuten lehen LP-a, Fresh Fruit for Rotting Vegetables. California Über Alles eta Holiday in Cambodia zeramatzan barnean eta Kill the Poor atera zuten aurretik, Biafrak, ironiaz, gizarte garbi bat lortzeko xedean, behartsu guztiekin bukatzeko aukeraz hitz egiten zuelarik. Tamalez, abestia ez zen ondo ulertu eta esanahi literala eman zioten askok. California Über Alles ere eskuin muturreko kaliforniar gaztek erabiltzen zuten espresio bilakatu zen eta arazoak ekarri zizkion horrek taldeari, faxista fama hartzen joan zirelarik. Kontzertuak poliziaren begiradapean, ospea ez zen itzaldu, alderantziz, eta bai AEBetan eta baita kanpoan ere arrakasta handia lortzen hasi ziren -Erresuma Batuan, 33. postura iritsi ziren eta urrezko diskoa lortu zuten-.
1981ean, Tedek banda utzi zuen eta D.H. Peligrok (Darren Henley) hartu zuen haren ordea. Formazio berriak Too Drunk to Fuck eta Nazi Punks Fuck Off’ singleak atera zituen eta punkien ikonografia nazia erabiltzeko ohituraren aurka egin zuten oraingoan (argazki askotan, Sid Viciousen kamisetan esbastika ikus daiteke). The Exploited bandari egiten ote zion aipamen esan da. Horrela bazen edo ez bazen, Erresuma Batuan biran zebiltzan batean, Jello Biafrak The Exploited bandaren lider zen Wattie Buchanekin borroka egin zuen eta Biafraren esanak ez zuen gauzak baretzen lagundu.
« | Kontzertuetan, publikoa eta gure artean dagoen fosoan, borroka ugari ikusten hasi ginen. Askotan ez ziren nerabeak izaten, helduak baizik... eta ezkutuan zebiltzan poliziak ez ote ziren galdetu nion neure buruari[1] | » |
National Front britainiar ultraeskuindar alderdiarekin loturak ote zituzten esaten zenean, eskoziar bandak bi tema egin zituen erantzun: I Hate You zuzendu zion Biafrari eta Fuck the U.S.A Dead Kennedys bandari eta haien nazioari[2].
Urte amaieran, In God We Trust, Inc. EP-a argitaratu zuten eta, bertan, Nazi Punks Fuck Off joan zen. Abesti ez gutxitan egiten dio eraso AEB-etako eskuin erlijiosoari. We’ve Got a Bigger Problem Now California Über Alles abestiaren bertsioa da eta, oraingo honetan, Ronald Reagani dedikatu zioten. Garai honetan hasi ziren Biafra eta East Bay Rayren arteko ika-mikak; Biafraren esanetan, Eastek taldea presionatu zuen Polydor Records multinazionalarekin kontratua sinatzeko. Biafra ez zegoen ados eta, hori gertatuko balitz, taldea utziko zuen mehatxua egin zuen.
1981eko hauteskunde-kanpainan, Dead Kennedysek protesta-kontzertuak antolatu zituzten, bai Alderdi Errepublikarreko eta baita Alderdi Demokratako ekintzen aurrean ere. Segurtasun neurri zorrotzak hartzen ziren kontzertu haietan eta, maiz, poliziaren kargak ere izaten ziren.
Ondorengo lanak eta banantzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1982an, bandaren bigarren estudio LP-a izango zen Plastic Surgery Disasters atera zen. American way of life kritakatzen zuten gogor, familia patriarkalaren, gizartearen kontrola egiteko tresna zen telebistaren, inguru giroaren suntsiketaren, estatubatuar inperialismoaren edo eskuin erlijiosoaren aurka egiten zutelarik.
Urte pare bat iraun zuen bira egin zuten AEB, Kanada, Australia eta Europako herrialde batzuetan zehar.
1985era arte ez zen hurrengo albuma atera, Frankenchrist eta aurrez-aurre jarriko ziren orduan Parents Music Resource Center (PMRC) estatubatuar erakunde kontserbadorearekin. Morala eta ohitura "onak" babestu nahi zituen honek eta heavy metal, punk eta rap artistak denuntziatu eta zentsuratu egiten zituen. Frankenchrist disko eklektiko eta esperimentalena atera zitzaien, efekto elektronikoak eta tronpeta, sintetizadore edo Bellzouki izeneko buzuki eletrikoa txertatu zituztelarik.
Aldatu ez zena Biafraren mingain zorrotza izan zen eta Hellnation, Stars and Stripes of Corruption edo MTV – Get Off the Air bezalako gaietan behin eta berriro kritikatu zuen establishment sozio-politikoa[3].
1986an, disoluzioa etorri zen, Biafra eta gainontzeko kideek ez baitziren ondo eramaten, jada. Otsailean eman zuten azken kontzertua.
Epaiketak, Bedtime for Democracy eta elkarketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Banandu zirenean, arazoak ez ziren baretu; alderantziz. Aipatutako Parents Music Resource Center (PMRC) estatubatuar erakunde kontserbadoreak izen handiko abokatu bufetea kontratatu zuen bandari, adinez-txikiak zirenen artean material lizunak banatzen zituela-eta, demanda jartzeko[4]. Frankenchrist diskoan H. R. Giger suitzar marrazkilariak eginiko Penis Landscape (Penearen paisaia) ilustrazioa zuen posterra zetorren. Gizonezkoen sexu organoak baginatan sartzen probokazio jasanezina izan zen estatubatuar kontserbadoreen artean eta, Tipper Gore eta Susan Baker eta senatari ziren senarrak, Al Gore eta James Baker, ere bai, lideratu zuten Dead Kennedys bandaren aurkako kanpaina.
1986ko ekainean egin zen epaia eta urtebeteko kartzela-zigorra eta bakoitzak 2.000 dolar ordaintzera kondenatu zituzten. Denda askotatik kendu zuten Frankenchrist eta Alternative Tentaclesen etorkizuna mehatxupean geratu zen erabat[5].
Epaiketa burutzen ari zen unean atera zen azken diska, Bedtime for Democracy; Frankenchrist albumeko esperimentazioa alboratu eta hasierako abiadura ero hartara itzuli ziren lan berrian. Epaiketaren kostua ordaintzeko helburua zuen eta adierazmen askatasunaren aldeko kanpaina jarri zuten martxan, Frank Zappa, Crass eta Alternative Tentacleseko banden laguntza izan zuten hartan.
1987an, Give Me Convenience or Give Me Death bilduma atera zuten, Pull my Strings ineditoa eta I Fought the Law abestiaren bertsioa barnean. Epaiketa amaierara iritsi zen eta kargu guztietatik libre geratu ziren.
2000n, Dead Kennedys berriro biltzeko apustua egin zuten, bandaren gaineko eskubideen tema hainbat epaiketetan borrokatu ondoren, oraingo honetan ez zuten Jello Biafrarekin kontatu. Brandon Cruz izan zen bokalista berria eta, 2003an, Jeff Penaltyk hartu zuen haren ordea.
Bi zuzeneko atera dituzte aurrez grabatutako aktuazioetako materiala erabiliz, 1986an Biafrarekin eginiko azken grabazioa edo 1979ko Live at the Deaf club.
2007ko urriaren 9an, arrakasta gehien lortutako temak atera zituzten Milking the Sacred Cow albumean[6]. Soup Is Good Food[7] eta Jock-O-Rama -hasiera batean, Frankenchrist albumean- abestien zuzeneko bertsioak ere bertan sartu zituzten.
2008an, Jeff Penaltyk ere alde egin zuen eta Wynona Riders-en abeslari ohia zen Ron Skip Greerrek hartu zuen haren ordea. DH-k ere denboraldi bateko atsedena hartu behar zuela-eta, Translator bandako Dave Scheff bateria etorri zitzaien.
Atsedena eta berriro airean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2008ko abuztuaren 21ean, bandak, Flouride eta Peligroren osasun arazoak zirela-eta, atseden luzea hartu behar zutela iragarri zuen.
2009ko ekainean, Santa Rosan ziren bueltan, Kalifornian, eta Peligro zegoen berriro baterian.
2010eko abuztuan, Dead Kennedysek ekialdeko kostan zehar bira motz bat iragarri zuen. East Bay Ray, Peligro, Greer eta Greg Reeves baxua Flouriden ordez, azken honek atsedenaldian jarraitzen baitzuen. Filadelfia, New York, Boston, Washington, DC, Portland, Maine eta Hawaiin jo zuten, beste toki batzuen artean.
Taldekideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egungoak
- East Bay Ray – gitarra (1978–1986, 2001–egun)
- Klaus Flouride – baxua (1978–1986, 2001–2010, 2011–egun)
- D. H. Peligro – bateria (1981–1986, 2001–2008, 2009–egun)
- Ron "Skip" Greer – ahotsa (2008–egun)
Lehenagokoak
- Jello Biafra – ahotsa (1978–1986)
- 6025 – gitarra (1978–1979)
- Ted – bateria (1978–1981)
- Brandon Cruz – ahotsa (2001–2003)
- Jeff Penalty – ahotsa (2003–2008)
- Dave Scheff – bateria (2008)
- Greg Reeves – baxua (2010–2011)
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estudioko albumak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Fresh Fruit for Rotting Vegetables (1980)
- In God We Trust, Inc. (1981)
- Plastic Surgery Disasters (1982)
- Frankenchrist (1985)
- Bedtime for Democracy (1986)
EP-ak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- In God We Trust, Inc. (1981)
Zuzenekoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Mutiny on the Bay (2001)
- Live at the Deaf Club (2004)
Bildumak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Not So Quiet on the Western Front (1982)
- Give Me Convenience or Give Me Death (1987)
- Milking the Sacred Cow (2007)
- Original Singles Collection (2014)
Singleak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- California Über Alles (1979)
- Holiday in Cambodia (1980)
- Kill the Poor (1980)
- Too Drunk to Fuck (1981)
- Nazi Punks Fuck Off (1981)
- Bleed for Me (1982)
- Halloween (1982)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ http://articles.latimes.com/2012/aug/09/entertainment/la-et-ms-jello-biafra-nazi-punks-hate-speech-20120809
- ↑ (Gaztelaniaz)https://undia-undisco.net/2014/02/10/the-exploited-fuck-the-usa/
- ↑ (Gaztelaniaz)http://gara.naiz.eus/paperezkoa/20121011/366743/es/Jello-Biafra-exlider-miticos-Dead-Kennedys-descarga-Gasteiz-su-rock-politico-
- ↑ (Gaztelaniaz)https://vanguardiaonline.wordpress.com/tag/punk/page/2/[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Ingelesez)https://web.archive.org/web/20160601110337/http://www.rollingstone.com/music/pictures/h-r-gigers-greatest-album-cover-art-20140513/dead-kennedys-frankenchrist-0072607
- ↑ (Ingelesez)https://www.youtube.com/watch?v=dENQZ0Me5OQ
- ↑ (Ingelesez)http://www.azlyrics.com/lyrics/deadkennedys/soupisgoodfood.html