Edukira joan

Benito Ansola

Wikipedia, Entziklopedia askea
Benito Ansola

Bizitza
JaiotzaLekeitio1928ko abuztuaren 13a (96 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
latina
Jarduerak
Jarduerakapaiz katoliko latindarra

Benito Ansola Erkiaga (Lekeitio, Bizkaia, 1928ko abuztuaren 13a) apaiza eta zinemazalea da.

Benito Ansola Erkiaga [1], askok On Benito bezala ezagutzen dutena, Lekeitioko Atxabal kalean jaio zen 1928ko abuztuaren 13an, Alfred Hitchcock zinegile handia jaio zen egun berean; zortzi neba-arreben famili batean. Bere umezaroa jaioterrian pasatu ondoren, Gerra Zibilaren ondorioz, Bilbora ihes egin behar izan zuten, 1937ko udaberrian, aldean jarrita zeukatenarekin: barku bat hartu eta Bizkaiko hiriburura jo zuten babes bila. Hasiera batean Urazurrutiako kalean bizi izan zen familiarekin[2]

Bilboko bizimodua eta zinezaletasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arestian aipatutako liburuan, Miren Agur Meabe idazleari adierazi zion bezala, "Bilbon etxerik etxe ibili ginan. Ez dakit itxasontzitik non lurreratu ginan baina esnatu eta Ideal Zinema ikusi neban". Eta hiri horretan zeuden zinema tokiak txundituta utzi zuten Benito gaztea.

Francoren tropak sartu ondoren, aita kartzelan sartu zuten; eta semea janaria eramatera zihoala, Salon Vizcaya, Ideal Cinema, Coliseo Albia, Campos Eliseos... ikusten zituen; eta berauetan ematen zituzten pelikulen kartelak ere. Bere gaztaroan sarri bisitatu zituen zinema horiek eta Olimpia, Gran Via, Cinema Trueba, Gayarre, Buenos Aires, Actualidades... Benitoren ustez bere "zinezaletasuna, hortxe hasi zen".

Hamairu urtekin Bergarako seminariora joan zen: etxean euskaraz bakarrik eginda, gaztelania oraindik ongi menperatu gabe.

Handik Gasteizera joan zen ikasketak jarraitzera, 3 urte Filosofia, 5 urte Humanidades eta 4 urte Teologia; baita latina ere ikasi zuen.

Benito Ansola 2019an dokumental baterako elkarrizketan

1953an Bilboko Santiago katedralean apaiz ordenatu zen, 24 urte zituelarik; biharramonean, San Pedro egunez, bere lehen meza eman zuen San Anton elizan, Casimiro Morcillo apezpikua zenean.

Bere lehen destinoa Lea-Artibai eskualdean izan zen Etxebarriako parrokian. Urte t'erdi pasa ondoren Markina-Xemeingo auzo batera destinatu zuten: Barinagara hain zuzen ere. Hantxe ezagutu zuen Jose Maria Arizmendiarrieta apaiza, bere bizitzan eragina izango zuena.[3]

Barinagan zegoela Markinako Eskola Laboralean klaseak ematen hasi zen, eta estatu osoan lehen aldiz, zinema klaseak ematen hasi zen; baita zineklub saioak ere egiten zituzten, herrian bertan: aintzindaria izan zela esan daiteke.

Irakasle zegoen artean, urte batez Madrilera joan zen psikopedagogia ikastera.

Jaioterrira itzulita

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1977an Lekeitiora destinatu zuten, bertoko parrokoa izanez 24 urtez. Bere ama Sebastianak esaten zuenez "ikurrina kendu zanian joan eta ikurrina ipini danian bueltatu". [4]

Zinemazale amorratua izanik, euskal zinema bultzatu zuen bere herrian, lagun batzuekin batera; 1978an, Euskal Zinema Bilera antolatzen hasi zen Lekeition, ikasle ohi batzuekin: 30 urtez egin zuten antolaketa lan hori, udalaren eskuetan utzi arte.

2017an Euskal Zinema eta Bideo Bilerak 40 urte bete zituen. [5]

Markinako zine-kluba eta Euskadiko beste zenbait herritakoak ere zuzendu ditu.

2005ean, Amalur saria eman zioten Donostiako Zinemaldian.

2010ean, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Benito Ansola izena jarri die euskarazko zinemagintza sustatzeko sortu dituen bekei.

2015ean Angel Mari Unzuetak bultzatuta, Bizkaiko Elizbarrutiak "Karmelo Etxenagusia" ohorezko aipamena eman zion euskaraz egindako zineman aitzindaria izateagatik eta kulturaren bitartez kristau fedea zabaltzeko ahaleginengatik. [6]

Benito Ansola Mikel Zarateren dokumentalean grabatuta
Benito 2019an elkarrizketatua

Ansolak hainbat film labur zuzendu ditu, besteak beste honako hauek:

  • Mendexa-Lekeitioko goitiberak (1978) 15' [7]
  • Beranduegi (1979)
  • Asarre eguna (1980)
  • Kaskiñak eta kaskidunak (1982) 13' [8]
  • XV. mendeko eretaula (dokumentala), (1983)
  • Uste bako historioa (1984) [9]
  • Sorgin etxea (1985) [10]
  • Itsas ontzigintza (dokumentala) (1986) 20' [11]
  • Indar Komandoa (1986) 25' [12]
  • Bakardadea (1987)
  • Ostirala 13 (1990)
  • Biak bat (1994)
  • Biak bat II (1995)
  • Bakearen guda (1999) 27' [13]

Gainera, paper txiki bat ere izan zien Imanol Uribe zuzendariaren Mikelen heriotza film luzean, 1983an Lekeition grabatu zena.

Bilboko Zinebi zine labur eta dokumentalen 62. edizioan estreinatu zen Mikel Zarate idazleari buruzko dokumentalean ere, Bihotz Zabaleko Ameslaria izenburu zuena, Ansolak parte hartu zuen informante bezala, adierazpen esanguratsuak egiten.[14]

2022 urtean Zinebiren 63 edizioan "El Tesoro de Benito: semblanza de Benito Ansola" dokumentala estreinatu zen Josi Sierrak zuzenduta: "Master-Class moduko bat da, Euskal Zinemaren bultzatailea eta Lekeitioko Euskal Zine Bileraren fundatzailea den Benito Ansolarekin solasean. J. J. Bakedanoren galderak erantzunez ekoizpenetako kontuak azaltzen ditu".[15]

2022ko Lekeitioko Zinebileraren 45. edizioan Maitasunaren Indarrez fima estreinatu zen Benitoren bizitzako gertakizunak eta sentipenak azalduz. [16] Lehendabiziko proiekzioa, Lekeitioko Ikusgarri zineman estreinatu zen 2022ko Urriaren 20an, herriko jendeaz inguratuta eta familiartekoak, Josi Sierra Orrantia filmaren zuzendariarekin batera. [17]

2024ko irailan Donostiako Zinemaldiaren 72garren edizioan "Zortzitik Infinitura" filma estreinatzen da, Benitorekin eta Benito Ansolaren bizitza azaltzen, eta paraleloan azken hamarkadetako Euskal Zinemagintzaren historia kontatuz. Film honetan Benito Ansola Erkiagaren bizitza eta ibilbide komentatuz, hainbat zinegile eta zinemazale azaltzen dira: Zinemaldiko zuzendaria José Luis Rebordinos Miramón, Estibaliz Urresola Solaguren, Ramón Barea Monge, Aitor Arregi Galdos, Jon Garaño Arzallus, Paul Urkijo Alijo, Imanol Uribe Bilbao, Mireia Gabilondo Garitaonandia, Asier Altuna Iza, Begoña Vicario Calvo, Iratxe Fresneda Delgado, Arantza Lauzirika Morea eta Gotzon Txopitea Plaza.[18]

Honela laburbiltzen du Urko Aristi kazetariak EITBko kronikan:

Zinemaldiko Zinemira atalean, Naia Lakak zuzendu duen dokumentala aurkeztu dute. Miren Agur Meaberen kontakizunak gidatuta, euskal zinemaren historian zehar mugituko da ikuslea, Benito Ansola lekeitiar apaiz zinemazalearen presentzia lagun. [19]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Abizena Ansola idaztea, euskal herritar horren aukera pertsonala da. Izan ere, Euskaltzaindiak, euskara baturako, Antsola onartu du deitura horren grafiatzat. Ikus Euskal Onomastikaren Datutegia.
  2. «Euskal zinema bideo bilera. 40 urte zinea eta euskara bultzatzen» web-argitalpena.adm.ehu.es (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  3. Benito Ansola, zinea eta erlijioa uztartuz. (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  4. «Benito Ansola: "Euskal film denak batzen zituen jaialdi bat egitea nahi genuen"» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza 2022-01-13 (Noiz kontsultatua: 2022-07-18).
  5. Goñi, Maialen. (2017-10-04). «40. Euskal Zine Bilera jaialdia aurkeztu dute» Zinea (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  6. bkareaga. (2021-11-15). «Se presenta una película sobre Benito Ansola, el presbítero impulsor del cine en euskera» Bilboko Elizbarrutia - Diócesis de Bilbao (Noiz kontsultatua: 2022-07-18).
  7. Mendexa-Lekeitio 1978 Goitiberak. (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  8. Kaskiñak eta Kaskindunak. (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  9. Hustebako historia. (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  10. sorgin etxea. (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  11. Itxas-ontzigintza. (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  12. Indar komandoa. (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  13. Bakearen Guda. (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
  14. ZINEBI62 Mikel Zarate Bihotz Zabaleko AMESLARIA. (Noiz kontsultatua: 2021-04-18).
  15. «EL TESORO DE BENITO. SEMBLANZA DE BENITO ANSOLA – ZINEBI» zinebi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
  16. Zortzigarren Lurraldea. (2022-11-18). Benitoren Bizitza Lekeitioko Euskal Zine Bileran 2022an. (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  17. r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01etpd158aa64558419b9ec5ed77644af02263cda. (2022-10-24). «'Benitoren bizitza. Maitasunaren indarrez'» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  18. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  19. «Zortzitik infinitura, euskal zinemaren historian barna Benito Ansolaren eskutik» EITB 2024-09-25 (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleizbarrutiaren ohorezko aipamenaren berria Deia egunkarian https://www.deia.eus/bizkaia/2015/10/30/felix-benito-gurutzi-tres-vidas-5087700.html

Ansolaren datuak Auñamendi entziklopedian: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/ansola-erkiaga-benito/ar-18073/

Ansola zinemagile amateur bezala: https://www.amateurcinema.org/index.php/filmmaker/benito-ansola-erkiaga

Benito Ansolaren fitxa IMDB zinema munduko datubasean https://www.imdb.com/name/nm8311637/

"El Tesoro de Benito" dokumentala Zinebi 63an estreinatuta Youtuben ikusgai: https://www.youtube.com/watch?v=3mzXp7Umje4