Edukira joan

Atmosfera (unitatea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Torricelliren esperimentua eta barometroa

Atmosfera (atm) presio unitate bat da, Lurraren atmosferak itsas mailan egiten duen presioaren baliokidea dena.

Presio handiak neurtzeko erabili izan da, adibidez, gas konprimituena. Unitate hau ez da Nazioarteko Unitate Sistemaren parte eta ez du sinbolo aitortua, baina atm gisa laburtu ohi da.

1954ko Pisuen eta Neurrien X. Konferentzia Orokorrean honela definitu zen: presio-unitatea = 1 013 250 dina cm²-ko (hau da, 101 325 Pa).[1] 0 °C-tan eta grabitate arruntaren azeleraziopean (9,80665 m/s²) dagoen 760 mm-ko altuerako merkuriozko zutabe baten presioarekin bat dator.

Atmosfera teknikoa (at sinboloa) ere presio-neurri zahar bat da. 10 metroko altuerako ur-zutabe batek eragindako presioa bezala definitzen da: 1 at = 98 066,5 Pa (balio zehatza).

Lurra inguratzen duen aire-masa, atmosfera, fluido konprimagarri baten presio-banaketaren adibiderik interesgarriena da. Atmosferak sortzen duen airearen pisuak presio atmosferikoa sortzen du. Puntu bateko presio atmosferikoa sekzio zuzen unitarioko azalerako aire-zutabe baten pisuaren berdina da kopuruari dagokionez, puntu horretatik atmosferaren goiko mugaraino hedatzen dena. Atmosferako airearen dentsitatea jaitsi egiten denez altuera handitzean, ez da erraza Lurraren azaleko presio atmosferikoaren kalkulu zehatza egitea, baina, aldiz, erraz neur daiteke.

1643an, Evangelista Torricellik (1608-47) metodo bat asmatu zuen presio atmosferikoa neurtzeko, eta merkuriozko lehen barometroa egin zuen. Barometroa, funtsean, metro bat luze den beirazko hodi bat da, mutur batetik itxita dagoena eta osorik merkurioz betetzen dena. Merkurioa isurtzea saihestuz (mutur irekia itxiz), hodia buruz behera jarri eta mutur irekia merkurioa duen kubeta batean sartzen da, hodia bertikalean jarrita, irudian ikus daitekeen moduan. Torricellik esperimentu hori egin, eta ikusi zuen merkurioaren maila jaitsi egiten zela hodiaren barruan, harik eta 760 mm-ko altuerako zutabe bat ( zutabe barometrikoa) geratzen zen arte kubetan merkurioaren mailatik neurtuta.

Hodiko eta kubetako merkurioaren mailen arteko aldeari esker, presio atmosferikoa kalkula daiteke. Merkurio-zutabearen gainean sortzen den espazioak (ganbera barometrikoa) merkurio-lurruna baino ez du; horren presioa baztertu egin dezakegu, oso txikia baita tenperatura arruntetan. Hain zuzen, atmosferak kubetako merkurioaren gainazalean egiten duen presioak orekatu egiten du merkurio-zutabearen presioa, eta, gero, bi presioak berdinduz, pa presio atmosferikoa lortzen da, honela:

non ρ baita merkurioaren dentsitatea esperimentu horri dagokion tenperaturan. Hala, zutabe barometrikoaren luzera neurtzeko balio duen eskala graduatua (eta giro-termometroa) gehituz, Torricelliren barometroa egiten da.

Baliokidetasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1 atm = 101325 Pa
  • 1 atm = 1,01325 bar
  • 1 atm = 760 mmHg = 760 Torr
  • 1 atm = 10,332274527999 (ur-zutabearen metroak)
  • 1 atm = 14,69594877551 psi
  • 1 atm = 1,033 227 452 799 886 kg/cm²

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Résolutions de la X Conférence Générale des Poids et Mesures. .
  • Máximo, A. & Alvarenga, B (2004). Física General. México D.F. 
  • Ortega, Manuel R. (1989-2006). Lecciones de Física (4 volúmenes). Monytex. ISBN 84-404-4290-4, ISBN 84-398-9218-7, ISBN 84-398-9219-5, ISBN 84-604-4445-7. 
  • Resnick,R. and Halliday, D. (1996). Physics. John Wiley & Sons. ISBN 0767-471-83202-2 |isbn= incorrecto (ayuda). 
  • Tipler, Paul A. (2000). Física para la ciencia y la tecnología (2 volúmenes). Barcelona: Ed. Reverté. ISBN 84-291-4382-3

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]