Gloria Swanson
Gloria Swanson (Chicago, 1899ko martxoaren 27a - New York, 1983ko apirilaren 4a) estatubatuar zinemako aktore eta ekoizle bat izan zen, Urrezko Globo bat irabazi zuen eta hiru aldiz Oscar sarirako hautagai izan zen.
1920ko hamarkadan, zinema mutuko izar nagusietako bat izan zen, Rodolfo Valentinorekin, Cecil B. DeMille, Erich Von Stroheim eta beste batzuekin lan egindakoa. Garai hartako aktorerik ospetsu eta polemikoenetako bat izan zen: luxu itxuragabez inguratutako bizimodua eramateaz gain, maitasun bizitza aldakor eta gorabeheratsu bat izan zuen. Sei bider ezkondu zen eta zenbait maitasun istorio izan zituen bizitzan zehar, prentsak asko aipatuak. Urte gutxiren buruan hogei bat film egin zituen eta 1929an Oscar sarien lehen ediziorako izendatu zuten Sadie Thompson filman egindako lanagatik. Paramount konpainiarekin izandako goraldian, milioi bat dolarreko soldata irabazi zuen urtean, garai hartarako sekulako dirutza.[1] Alabaina, soinudun zinema iritsi zenean, ospea berehala galdu zuen, uneko ia izar guztiei gertatu zitzaien bezala.[2] Zinematik 35 urte zituela erretiratu zen, nahiz eta irratian eta telebistan lan egiten jarraitu zuen Helduaroan, Billy Wilder zuzendariaren Sunset Boulevard (1950) filmarekin berriro agertu zen pantaila handian, arrakasta handiz.
Biografia
aldatuIzen osoa Gloria May Josephine Svensson zuen eta suediar jatorriko soldadu baten alaba zen.[3] Bere aitak izandako destinoen ondorioz, haurtzaroa Puerto Ricon ―non gaztelaniaz ikasi baitzuen―,[4] Chicagon eta Floridan igaro zuen. Oso gaztetatik jo zuen interpretazioak, eta 15 urte zituela Chicagoko estudio txiki batzuetan egin zuen debuta. Figurante lan batzuk egin ondoren, Charles Chaplin gazte bat ezagutzeko aukera eman ziotenak, zineman buru-belarri aritzea erabaki zuen. Handik gutxira, gurasoak banandu egin ziren, eta ama Kaliforniara joan zen bizitzera.[5]
Zinema mutuko izarra
aldatuChicagotik joan baino lehen, Gloria Swansonek Chaplinekin lan egin zuen bi filmetan, paper txikiak interpretatuta: The Meal Ticket eta His New Job. Bigarren film hartan, Chaplin protagonista eta zuzendaria izan zen. Kalifornian ezarrita 1916tik aurrera, Swansonek zenbait komedia filmatu zituen Bobby Vernon zuzendariarekin, Keystonne estudioek ekoitziak, harik eta 1919an Paramountekin kontratu bat sinatu zuen arte, Cecil B. DeMille zuzendariaren bitartekaritzari esker. Hura izan zen bere goraldi azkarraren hasiera.
DeMillek babestuta eta goratuta, haren zuzendaritzapean egin baitzituen bere neurrira sortutako zenbait film, Gloria Swanson komedietako aktore inuzente bat izateari utzi eta argumentu erromantiko edo probokatzaileen ikur bihurtu zen, femme fatale irudi publiko bat osatzeraino, bere bizitza pribatu koloretsuarekin bat zetorrena, ezkontza labur eta ohitura arranditsuek markatua. 25 urte bete aurretik, bi aldiz ezkonduta eta dibortziatuta zegoen. Lehenengo aldiz 17 urte besterik ez zituela ezkondu zen, Wallace Beery aktorearekin. Tratu txarrak ematen zizkion aktoreak: ezkontza gauean bortxatu egin zuen, eta haurdun geratu zenean, abortua eragin zion oharkabean emandako edabe batez.[6][7] 1919an dibortziatu egin ziren eta hilabete gutxiren buruan Swanson Equity Pictures ekoiztetxeko lehendakari Herbert K. Sombornekin ezkondu zen. Alaba bat izan zuten, Gloria, baina 1925eko urtarrilean dibortziatu egin ziren, auzibide zalapartatsu baten ostean, non Sombornek aktoreari leporatu baitzion 13 gizonekin, besteak beste, Cecil B. DeMille eta Rodolfo Valentino, adulterioa egitea.[8]
Emakume txikia izan arren (1,55 m), Swansonek pantaila guztiz betetzen zuen, bere ezaugarri sentsual eta jantzi sofistikatuekin, zeta, larru, bitxi, luma eta gainerako osagarriekin. Male and Female (1919) filmean lehoi baten ondoan posatu zuen, garai hartarako zeresan izugarria eman zuena. Modaren ikono bihurtu zen, eta prentsak bere bizitza pribatua orpoz orpo segitzen zuen.[9]
1921ean, arrakasta handia lortzen ari zen Sam Wood zuzendariarekin hasi zen lanean, hura izan baitzuen zuzendari Rodolfo Valentinorekin batera Beyond the Rocks filman. Zenbait urtez, film hau desagertutzat jotzen zen, baina, zorionez, kopia bat berreskuratu zen Herbeheretan, 2004an.[10]
1925ean, Léonce Perret frantses zuzendariaren Madame Sans-Gêne garaiko koprodukzioaren protagonista izan zen Swanson. Frantzian filmatu zen, balio historiko handiko jauregi eta lorategietan. Berritasun bat zen hori eta bitartekoen erakustaldi bat, zinema mutua ia erabat grabatzen baitzen platoetan, dekoratu errazekin. Swansonek lau hilabete egin zituen Frantzian, eta han ezagutu zuen bere hirugarren senarra, Henri de la Falaise markesa, interprete gisa kontratatua. Markesak lotura familiarrak zituen Hennessy koñak ekoizle ospetsuekin, baina ez zuen aberastasunik eta bizirauteko garrantzi gutxiko lanak onartzen zituen. Senar berriak maila ekonomiko apala izan arren, Gloria Swanson handikeriaz itzuli zen Estatu Batuetara, «markesa» ezizena hartuta; izan ere, Europako nobleziarekin ahaide zen lehen zinema izar bakarra zen; Grace Kelly haren atzetik etorriko zen. Milaka mireslek hartu zuten New York eta Los Angelesko kaleetan, desfile zaratatsuak antolatuta.[11]
Paramount etxerako, Gloria Swanson zen bere figura nagusia, arrakasta bermatzen baitzuen zinema leihatiletan. Zale samalda ikaragarri bat zuen, 10.000 bat gutun jasotzen zituen astean.[12] Orduan indarrean zegoen star system ereduaren arabera esklusiban atxiki ahal izateko, konpainiak bere apeta guztiak asetzen zituen: jantziak edo laguntzaileak hautatzeko aukera ematen zion, eta kontratu bat egin zion milioi bat dolarreko urteko soldatarekin, garai hartarako kopuru izugarria. Swansonek dirua xahutzen zuen handikeriazko luxu gauzetan, italiar estiloko jauregi neurrigabe bat barne. Baina ez zegoen gustura: botere eta sormen askatasun handiagoa nahi zuenez, 1927an bere kontratua etetea erabaki zuen, United Artists etxearekin lankidetzan arituko zen enpresa bat sortzeko. Handik aurrera, berak erabakiko zuen zer film filmatu, noiz eta norekin.[13]
Bere enpresaren bitartez egindako lehen produkzioa The Love of Sunya izan zen, emakume igarle bati buruzko filma. New Yorken filmatzen ari zela, zenbait gorabehera izan zituen. Swansonek ekoizle gisa ere jardun nahi izan zuelarik, lanak gainezka egin zion. Hori gutxi balitza bezala, efektu optikoetan oinarritutako sekuentzia fantastikoak filmatzen zailak ziren. Swansonek oso emaitza kaskarra espero bazuen ere, azkenean, filmak harrera ona izan zuen ikusleen eta kritikaren begipean, eta, horrela, erabateko hondamena saihestu zuen; guztiarekin ere, diru bilketa errodaje gastuak ozta-ozta berdindu zituen, eta hori, Gloria Swanson bezalako izar batentzat, porrot mingarria zen. United Artists etxeko Joseph M. Schenck exekutiboaren aholkuari jarraituta, Hollywoodera itzuli zen Swanson film komertzialago bat egitera, Sadie Thompson (1928), W. Somerset Maugham idazlearen argumentu eztabaidatsu batean oinarrituta, Samoan prostituta baten eta misiolari baten arteko harremanaz. Lionel Barrymore izan zen protagonistetako bat. Raoul Walshek zuzendutako film honek eztabaida handia sortu zuen, arrakasta komertziala bezain handia: Swansonek Oscar sarietarako izendapena jaso zuen, urte hartan eratu baitzuten lehenengoz saria, eta milioi bat dolar bildu zituen Estatu Batuetan bakarrik.[14]
Kennedytar batekin izandako maitasun harremana
aldatu1930ean, La Falaise markesarekin dibortziatu egin zen Swanson, ia hiru urtez elkarrekin ia inoiz bizi gabe egon ostean, denbora horretan Joseph P. Kennedy enpresa gizonarekin izan baitzuen harremana,John F. Kennedy AEBetako presidente izango zenaren aitarekin, maitatu ondoren. Enpresariak ahalmen handia zuen zinemaren industrian, RKO Pictures enpresa kudeatzen baitzuen eta, gainera, beste estudio batzuei laguntzen zien finantzaketa bidez. Esaten zenez, Swansonekin zuen maitasun harremana ez oztopatzeko, La Falaise urrunarazi egin zuen Kennedyk, Parisera bidalita Pathé zinema etxearen ordezkari gisa.[15]
Queen Kelly, Erich Von Stroheimek zuzendua eta Europan eta Afrikan filmatua, erabateko hondamendia izan zen: Von Stroheim kaleratu egin zuten, Swansoni ez zitzaizkion gustatzen Afrikan filmatutako eszenak, aurrekontua izugarri igo zen... Erdizka egina gelditu zenean hala, Kennedyk ez zuen egoera konpontzeko ahalegin handirik egin, bere karrera politikoan buru-belarri murgilduta baitzegoen. Azkenik, filma Europan filmatutako eszenekin bakarrik berregin zen, eta estreinatu egin zen, baina ez Estatu Batuetan.[16][17]
The Trespasser (1929) izan zen Swansonen lehen soinudun filma, nahiz eta bertsio mutua ere banatu zen, garai hartan ikuslean hala baitzeuden ohituta. Aurrekoak baino askoz emaitza hobeak lortu zituen: Oscar sarietarako beste izendapen bat eman zion Swansoni, eta arrakasta komertzial argi bat izan zuen, berak soinu aroan lortu zuen bakarra, askoz geroagoko Sunset Boulevard (1950) albo batera utzita.[18]
Porrotak, zinema eta bestelako negozioak albo batera uztea
aldatuSoinudun zinema asmatu eta hedatu zenean, erabateko krisi batek zartatu zuen zinema mutuko ia izar handi guztien ibilbidea, Gloria Swansonena barne, 35 urte bete gabe zituelarik zinemagintza albo batera uztea erabaki baitzuen, porrot komertzial batzuen ondoren.[19]
1929ko martxoan, Swansonek eta beste aktore batzuek (Mary Pickford, Dolores del Río, Charles Chaplin...) irratsaio batean parte hartu zuten, entzuleek haien ahotsak ezagutu ahal izan zitzaten. Ordura arteko izarrek itxaropena zuten hastapenetan zebilen soinudun zinema berrira egokitu zitezkeela. Baina herrialde ez anglofonotan sortutako batzuek atzerritar azentu nabarmena zuten edo, besterik gabe, ez zekiten ongi ingelesez, eta beste batzuk, anglofonoak izan arren, ahots desegokiak zituzten zinemarako... Faktore guztiekin batera, oro har, ikusleek interesa galdu zuten une hartara arte idolo izandako askorengatik, haien antzerki keinua eta mimika artifiziala geratzen baitzen soinudun eszenetan. Hurrengo bost urteetan, Swansonek zenbait soinudun film egin zituen, hala nola What a Widow!, Indiscret eta Music in the Air (1934), baina denek porrot huts bat izan ziren ikusleen aldetik.[20][21] Hamabost urte geroago, baina, Music in the Air filman egindako lanagatik proposatuko zion Billy Wilderrek Sunset Boulevard filma arrakastatsurako aktore protagonista izatea.[22]
1931n, Joseph P. Kennedygandik aldenduta, Gloria Swanson laugarren aldiz ezkondu zen, Parisen ezagutu zuen Michael Farmer, Tonight or Never filma errodatzen ari zela. Hilabete gutxiren buruan berriro ezkondu behar izan zuten, La Falaise markesarekin dibortzioa ez baitzen guztiz burutua.[23] Aktoreak eta Farmerrek alaba bat izan zuten, Michelle, 1932an, baina bikotea1934an dibortziatu zen, Swansonek maitasun istorio bero bat izan ondoren Herbert Marshall britainiar aktorearekin.[24] Hiru urte iraun zuen harremanak, Swansonek etetea erabaki zuen arte, Marshallek ez baitzuen emaztearengandik dibortziatu nahi. Ordurako, Swansonek bere hirugarren semea, adoptatua, batu zuen: Sonny.[25]
1938an, zinemaren mundutik aldenduta, New Yorkera joan zen bizi izatera, patente enpresa txiki bat sortu zuen, eta haren bitartez Bigarren Mundu Gerrako urteetan lanean jarraitu ahal izan zuen. Europan jazarrita zeuden zientzialari eta ikertzaile juduak erakartzea izan zuen helburu nagusia. Swansonen ekimenari esker, haietako askok bizia salbatu zuten, New Yorkera joan ahal izan ziren, Rockefeller Center eraikinetan bulegoak hartuta, eta zenbait asmakizun industrian erabili ahal izan ziren.[26]
Zortzi urtez zinema giroa guztia utzita izan ondoren, Gloria Swanson 1941. urtean itzuli zen platoetara, Father Takes a Wife komedia filmatzeko; berriro ere, porrot komertzial handi bat izan zen, 104.000 dolarreko galerak ekarri baitzizkion.[27]
Berragertzea: Sunset Boulevard
aldatuGloria Swanson pantaila handira itzuli zen Sunset Boulevard filmari esker, Billy Wilder zuzendariaren eskutik (1950).
Swansonek urte luzeak zeramatzan zinematik erretiratuta, baina aktibo jarraitzen zuen telebista saio batean, hain zuzen ere bere izena zeramana (The Gloria Swanson Hour). Oso ongi hartu zuen zuen papera eskaini ziotenean, baina haserretu egin zen Billy Wilderrek casting proba bat egin nahi ziola jakin zuenean, aktore gazteekin egiten zen bezala. Swansonek agerian jarri zituen Paramount Pictures etxeko izar gisa egindako urteak, eta soilik George Cukor zuzendariak emandako aholkuagatik onartu zuen, azkenean, proba egitea, hark gomendatu baitzion Wilderri Swanson izatea protagonista. Cukorrek hitz iragarle batzuk esan zizkion Swansoni: «Hamar proba egitea eskatzen badizute, zuk egin; eta bestela, nik neuk egingo dizut tiro. Etorkizunean paper horrengatik gogoratuko zaituzte».[28]
Swansonek Sunset Boulevard filmatu zuen zinema mutuko beste izar batzuen iritziaren kontra, hala nola Mary Pickford eta Mae Murray, iritzi kritiko bat zutenez filmaren istorioaz, lanaren irudi negatiboa ematen zuela uste baitzuten.[29] Alabaina, filmak arrakasta izugarria izan zuen: hamaika Oscar saritarako izendatu zuten ―hiru irabazi zituen―, eta Time aldizkariak azaldu zuenez «Sunset Boulevard-en, Hollywoodeko txarrena erakusten dute Hollywoodeko onenek».[30] Estreinatu aurreko filmaren emanaldi pribatu batean, Barbara Stanwyck makurtu egin zen Swansonen soinekoaren azpia musukatzeko, haren lanak hunkitutako benerazio seinalez.[29]
Norma Desmond pertsonaiaren interpretazioarekin Urrezko Globo bat irabazi zuen, eta aktore onenaren Oscar sarirako hirugarren izendapena lortu zuen, baina estatuatxoa ez zen ez berarentzat izan, ez Bette Davisentzat ere ―All About Eve filmagatik izendatua―, baizik eta Judy Hollidayrentzat, Born Yesterday filmarekin.[31]
Azken urteak
aldatuSunset Boulevard filmari esker berriz ere zinema munduan nabarmenduta, Donostiako Zinemaldiaren lehen ediziora gonbidatu zuten Gloria Swanson,[32] eta paper gehiago eskaini zizkioten, batzuetan zinema sena baino aurrekontu handiagoko produkzioetan, hala nola Nero's Weekend (1956; Alberto Sordi eta Brigitte Bardot gazte batekin), Airport 1975 (1977) edo Killer Bees telesaila (1977).[33]
Broadwayko zenbait antzerki lanetan ere parte hartu zuen, beste beterano batzuekin batera, hala nola José Ferrer eta David Niven, eta 1964an Burke's Law telesailaren atal batean parte hartze bat izan zuen, zeinagatik Urrezko Globo baterako izendatu baitzuten.[34]Gainera, zenbait telebista saiotan agertu zen, hala nola Carol Burnett edo Johnny Carson aurkezleen saioetan.[35] Bere bizitzan zehar beste eremu batzuk ere landu zituen, hala nola moda diseinua, produktu naturalekin egindako kosmetika eta aholku dietetikoekin, makrobiotikaren jarraitzailea izan baitzen. Zahartzaroan, margolaritza eta eskultura landu zituen.[36]
Sunset Boulevard filman Norma Desmond interpretatuz, Swansonek hauxe zioen: «Ni gabe, ez zegokeen Paramount», eta hori, seguru asko, benetakoa izan zen bere urte onenetan.[37]
Aktorea beste bi aldiz ezkondu zen: 1954an William N. Daveyrekin, baina handik urtebetera dibortziatu zen, eta 20 urtez ezkongabe egon ondoren, 1976an William Dufty musikari eta idazlearekin ezkondu zen, Billie Holidayren Lady Sings the Blues oroitzapen liburuaren egilekidea. Bikoteak ezkonduta jarraitu zuen Swanson hil zen arte, New Yorken, 84 urte zituela, bihotzekoak jota.[38]
Swansonek 520 orrialdeko liburu autobiografiko mamitsu bat argitaratu zuen 1980an, Swanson on Swanson izenburuaz, bere bizitza pribatuko xehetasun deigarriak emanez. Arrakasta handia izan zuen, eta zenbait hizkuntzatara itzulia izan zen.[39]
Filmografia
aldatuFilmen zuzendaria eta itzuli bada beste hizkuntza batera (gaztelania, frantsesa, euskara, katalana edo galiziera) beste izenburu batekin taula honetan ikus daiteke:
Film laburrak
aldatu- The Song of the Soul (1914)
- At the End of a Perfect Day (1915)
- The Ambition of the Baron (1915)
- The Fable of Elvira and Farina and the Meal Ticket (1915)
- His New Job (1915)
- Sweedie Goes to College (1915)
- The Romance of an American Duchess (1915)
- The Broken Pledge (1915)
- The Nick of Time Baby (1916)
- A Dash of Courage (1916)
- Hearts and Sparks (1916)
- A Social Cub (1916)
- The Danger Girl (1916)
- Haystacks and Steeples (1916)
- Teddy at the Throttle (1917)
- Baseball Madness (1917)
- Dangers of a Bride (1917)
- Whose Baby? (1917)
- The Sultan's Wife (1917)
- The Pullman Bride (1917)
- Wife or Country (1918)
- A Trip to Paramountown (1922)
- Gloria Swanson Dialogue (1925)
Filmen zuzendaria eta izenburuakIruditegia
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ Birchard 2009, 138. orr. .
- ↑ Welsch 2013, 286. orr. .
- ↑ Quirk 1984, 15-17. orr. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Pérez Rodríguez, Agustín. (1995-03-17). «Recuerdo de Manolo y Gloria» El Nuevo Día (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-05-26).
- ↑ Welsch 2013, 23, 30. orr. .
- ↑ (Ingelesez) «The Tyrannical Wallace Beery: Gloria Swanson – Part 1» Let's Misbehave: A Tribute to Precode Hollywood (web.archive.org) 2014-06-21 (Noiz kontsultatua: 2024-05-26).
- ↑ (Ingelesez) «The Tyrannical Wallace Beery: Gloria Swanson – Part 2» Let's Misbehave: A Tribute to Precode Hollywood (web.archive.org) 2014-06-29 (Noiz kontsultatua: 2024-05-26).
- ↑ Welsch 2013, 112. orr. .
- ↑ Welsh 2013, 440. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Wood, Sam. (1922-05-07). «Beyond the Rocks» IMBd (Paramount Pictures) (Noiz kontsultatua: 2024-05-26).
- ↑ (Ingelesez) «Gloria Swanson» Women Film Pioneers Project (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-05-27).
- ↑ (Ingelesez) «Forgotten Hollywood: Gloria Swanson» Golden Globes (web.archive.org) 2022-04-05 (Noiz kontsultatua: 2024-05-27).
- ↑ Welsch 2013, 169. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Walsh, Raoul. (1928-01-07). «Sadie Thompson» IMBd (Gloria Swanson Pictures) (Noiz kontsultatua: 2024-05-28).
- ↑ (Ingelesez) Madsen, Axel. (1988). Gloria and Joe: The Star-Crossed Love Affair of Gloria Swanson and Joe Kennedy. New York: Arbor House OCLC .16472639 (Noiz kontsultatua: 2024-05-28).
- ↑ (Ingelesez) «The Story Behind "Queen Kelly"» Miscellaneous film stuff (web.archive.org) 1994-09-16 (Noiz kontsultatua: 2024-05-28).
- ↑ (Ingelesez) «Reviews: Queen Kelly» IMDb (Noiz kontsultatua: 2024-05-28).
- ↑ Goulding, Edmund. (1929-11-11). The Trespasser. Gloria Productions (Noiz kontsultatua: 2024-05-28).
- ↑ (Ingelesez) Thomson, David. (1994). A biographical dictionary of film. New York: A.A. Knopf ISBN 978-0679755640. OCLC .680566327.
- ↑ Welsch 2013, 282-284. orr. .
- ↑ Balio 2009, 84. orr. .
- ↑ Phillips 2010, 111-112. orr. .
- ↑ Welsch 2013, 273. orr. .
- ↑ (Ingelesez) «Film Writer Socks Actor in Row Over Gloria Swanson; Foes Tell Different Versions of How It All Happened» The Pittsburgh Press (Google News Archive Search) 1934-09-25 (Noiz kontsultatua: 2024-05-28).
- ↑ Welsch 2013, 298. orr. .
- ↑ Welsch 2013, 299-301 orr. .
- ↑ (Ingelesez) Jewell, Richard B.; Harbin, Vernon. (1983). The RKO Story. London: Arlington House OCLC .682087261 (Noiz kontsultatua: 2024-05-30).
- ↑ Swanson 1982, 249-260. orr. .
- ↑ a b (Ingelesez) Sikov, Ed. (1998). On Sunset Boulevard: the life and times of Billy Wilder. New York: Hyperion ISBN 978-0786861941. OCLC .39001280.
- ↑ (Ingelesez) «Cinema: The New Pictures, Aug. 14, 1950» Time 1950-08-14 (Noiz kontsultatua: 2024-05-30).
- ↑ (Ingelesez) «1951 | Oscars.org» Academy of Motion Picture Arts and Sciences (web.archive.org) 2024-04-04 (Noiz kontsultatua: 2024-05-30).
- ↑ «Gloria Swanson Archives» Donostiako Zinemaldia (Noiz kontsultatua: 2024-05-30).
- ↑ Welsch 2013, 343, 447. orr. .
- ↑ Welsch 2013, 339, 341. orr. .
- ↑ Welsch 2013, 355, 377. orr. .
- ↑ Welsch 2013, 303-304. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Lombardo, Cristiana. (2023-11-27). «Buster Keaton's "Sunset Boulevard" cameo arrived at a moment of Hollywood reckoning» American Masters | PBS (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-05-30).
- ↑ (Ingelesez) «Gloria Swanson Dies - 20's Film Idol» New York Times (web.archive.org) 1983-04-05 (Noiz kontsultatua: 2024-05-30).
- ↑ Swanson 1982.
Bibliografia
aldatu- (Ingelesez) Balio, Tino. (2009). United Artists: the company built by the stars. Volume 1. 1919-1950. Madison: University of Wisconsin Press ISBN 978-0299230036. OCLC .646813617.
- (Ingelesez) Birchard, Robert S.. (2009). Cecil B. DeMille's Hollywood. Lexington: The University Press of Kentucky ISBN 978-0813123240. OCLC .956983702.
- (Ingelesez) Phillips, Gene D.. (2010). Some like it Wilder: the life and controversial films of Billy Wilder. Lexington: University Press of Kentucky ISBN 978-0813173672. OCLC .646068674.
- (Ingelesez) Quirk, Lawrence J.. (1984). The films of Gloria Swanson. Secaucus: Citadel Press ISBN 978-0806508740. OCLC .9970511.
- (Ingelesez) Shearer, Stephen Michael. (2013). Gloria Swanson: the ultimate star. New York: Thomas Dunne Books ISBN 978-1250001559. OCLC .778421734.
- (Ingelesez) Swanson, Gloria. (1982). Swanson on Swanson. Feltham: Hamlyn ISBN 978-0600204961. OCLC .1052132398.
- (Ingelesez) Welsch, Tricia. (2013). Gloria Swanson: ready for her close-up. Jackson: University Press of Mississippi ISBN 978-1621039914. OCLC .841517040.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gloria Swanson |