Dolors Piera

Kataluniako irakasle sindikalista eta politikari errepublikanoa

Dolors Piera Llobera ( Puigvert de Agramunt ( Lleida ), 1910eko uztailaren 21aSantiago de Chile, 2002ko urtarrilaren 20a ) irakasle sindikalista izan zen. Hezkidetza eta Freinet-en pedagogia defendatu zituen [1] eta UGT - Unión General de Trabajadores (Langileen Batasun Orokorra) sindikatuaren Irakaskuntzako Langileen Federazioaren sortzaileetako bat izan zen. Lleidako misio pedagogikoak antolatu zituen. Mugimendu feministan engaiaturik, 1937an sortutako Unió de mujeres de Catalunia (Kataluniako Emakumeen Batasuna) erakundeko idazkari nagusia izan zen, eta baita PSUC - Partit Socialista Unificat de Catalunya (Kataluniako Alderdi Sozialista Batua) alderdiaren Emakumeen Batzordearen arduraduna ere. Bartzelonako Udalaren lehen emakume zinegotzia ere izan zen. [2]

Dolors Piera

Bartzelonako Udaleko zinegotzia

1937 - 1939
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakDolors Piera i Llobera
JaiotzaPuigverd d'Agramunt1910eko uztailaren 21a
Herrialdea Katalunia
HeriotzaSantiago2002ko urtarrilaren 19a (91 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Pere Aznar i Seseres (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
katalana
Jarduerak
Jarduerakpedagogoa, politikaria eta sindikalista
KidetzaUnión General de Trabajadores
Q5836147 Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Kataluniako Alderdi Sozialista Batua

Biografia

aldatu

Lehen urteak

Dolors Piera familia errepublikazale batean jaio zen. Amaren aitona, Pau Llobera, Lehen Errepublikako miliziano boluntarioa eta Puigvert de Agramunteko Errepublikanoen Etxearen sortzaileetako bat izan zen. Aitak, maisukatalanista eta aurrerakoiak, pedagogia berritzeko mugimenduan parte hartu zuen. Dolorsek ikasgela batean igaroko zuen bere haurtzaroaren zati handi bat aitarekin batera.

Pierak irakasle-ikasketak egin zituen Lleidako Eskolan (1924-1928). Eskola hartan Montessori Metodoa zabaltzen saiatzen ziren zenbait irakasle berritzailek lanean segitzen zuten, nahiz eta Primo de Rivera jeneralaren diktaduraren garaia izan. Bere irakasleen artean Pepita Úriz zegoen . [3]

Dolors eta bere aita Lleidako Café Exprés-eko solasaldietara eta hiri bereko Ateneoan antolatutako ekintzetara joan ohi ziren. Haien artean, azpimarratzekoak dira 1926an antolatutako hitzaldiak, non Alexandre Galí, Rafael Campalans eta Pere Bosch i Gimpera-k parte hartu baitzuten. Horrez gain, Batec taldearen sortzaileen artean egon ziren. Talde horren helburua eskola laikoa sustatzea eta Célestin Freinet-en metodo pedagogikoa zabaltzea zen.

Ibilbide profesionala

aldatu

Dolors Pierak 18 urterekin hasi zuen bere ibilbide profesionala Bartzelonako Xuclà kaleko Nesken Eskola Nazionalean. 1929an behin-behineko maistra postua lortu zuen 1916an sortutako Bartzelonako Udalaren Eskola Patronatuan. Garai hartan hasi zen harremanetan jartzen mugimendu feministarekin eta, aldi berean, bere prestakuntza politikoan sakondu zuen. [3]

1931-1932 ikasturtean behin-behineko irakasle aritu zen Bell Lloc de Urgell-en eta, handik gutxira, Balaguerren. Han aurkitu zuen berriro Pepita Uriz, Hezkuntzako Langileen Federazioa (FETE-UGT) sindikatuaren eta PSUC alderdiaren sortzaileetako bat. [4] Dolors Pierak FETEn sartzea erabaki zuen eta bertako kide gogotsua izango zen handik aurrera.

Dolors Pierak, 1934an, behin-betiko plaza hartu zuen Villafranca del Panadés-en. Urte berean Ramón Costa-Jou irakaslearekin ezkontza zibila egin zuen. Costa-Jou ere Freinet-en proiektuaren zabaltzailea zen. Senar-emazte biak Colaboración aldizkariaren sustatzaile nagusiak izan ziren, haien etxean bertan izanik aldizkariaren erredakzioa. Dolors salatu egin zuten Freinet teknika erabiltzeagatik, eta espedientea ere egin zioten, baina, horren ondorioz, ohartarazpen administratibo bat baino ez zuen izan.

Pierak, garai hartan, Bloc Obrer i Camperol (Langileen eta Nekazarien Blokea) erakundearen inguruko zirkuluetan mugitzen zen eta 1934an Asturiasko gertaeren ondorioz izan ziren errepresialatuen haurren harrera-batzordearen partaide izan zen. Bikotekidearekin batera, eskualdeko presoak laguntzeko batzordean sartu zen.

1935ean UGTko Bartzelonako Irakaskuntza Federazioko Idazkaritza Nagusiaren ardura hartu zuen. Horrez gain, Katalunia ordezkatu zuen 1936an Madrilen egin zen irakasle sindikatuen Estatuko Kongresuan eta Pariseko Irakasleen Munduko Kongresuan ere Kataluniako ordezkaria izan zen. Sindikatuaren aldizkariaren zuzendaria ere izan zen: L'Escola Proletària.

Gerra zibilaren hasieran, FETE sindikatua berrantolatu eta FCTE - Kataluniako Irakasleen Langileen Federazioa bihurtu zen. Bertan, Dolors Piera Bartzelonako Irakasle Nazionalen Ataleko idazkari hautatu zuten. FCTEk kongresu bakarra egin zuen Bartzelonan 1938ko urtarrilean. [3]

Ardura sindikaletik militantzia politikora

aldatu

1935ean, Bloque Obrero y Campesino erakundearen hogei bat disidenterekin batera, PSOEren Kataluniako Federazioan sartu zen, alderdia eta haren inguruko sindikatuak katalanizatzeko asmoz.

Uztailaren 18ko estatu kolpearen ondoren, Villafrancako Batzorde Iraultzailean sartu zen. Urte bereko uztailean PSUC - Partit Socialista Unificat de Catalunya (Kataluniako Alderdi Sozialista Batua) alderdian sartu zen eta bertan Batzorde Exekutiboko kide izan zen, Emakumeen Komisioaren arduraduna izanik. [2] Bartzelonara joan zen bizitzera eta bertan bikotekide izango zuen Pere Aznar ezagutu zuen.

1937an, gerra zibila betean, Emakumearen Kongresuaren antolaketan parte hartu zuen eta bertan La unidad nos dará la victoria (Batasunak emango digu garaipena) txostena aurkeztu zuen. Unió de Dones de Catalunya (Kataluniako Emakumeen Batasuna) erakundearen sortzaileetako bat ere izan zen eta haren idazkari orokorra izendatu zuten. [5] Urte berean, Bartzelonako zinegotzi gisa, Pasionariari lagundu zion Parisko Neguko Belodromoan egindako mitinean. [6]

PSUC alderdiarekin 1937ko urrian Bartzelonako Udalean hautatutako lehenengo emakume zinegotzia izan zen. 1938ko abuztuan Kultura Zinegotzi izendatu zuten. Kargu horretan lan handia egingo zuen Bartzelonara ihesean etorritako errefuxiatuen beharrei erantzuten. 1939ko urtarrilean tropa frankistek hiria okupatu zuten arte jarraitu zuen zinegotzi ardurarekin. PSUCeko kidea izan zen 1940ko hamarkadan kanporatu zuten arte.

Erbestea

aldatu

Errepublikanoek gerra galdutakoan, Dolors Piera Parisera erbesteratu zen. Han, Haurrentzako Nazioarteko Bulegoan lan egin zuen eta 4 hilabete eman zituen naziek atxilotuta Fresnesko espetxean. Askatu zutenean, berak eta bere neba Josepek Frantziatik alde egin behar izan zuten. Kuba transtatlantikoan Dominikar Errepublikara joan zen eta gero Txilen finkatu zen. 1940ko martxoan iritsi zen, han berriz ere aurkitu zuen Pere Aznar bikotekidea eta haien seme-alabak jaio ziren. Piera berriro hasi zen irakasle lanetan eta Bialik Eskolako zuzendariordea eta Andersen Eskolako zuzendaria izan zen 1970 arte. [7]

Dolors Pierak bere militantzia feminista aktiboarekin jarraitu zuen Txilen. Santiagoko Emakumeen Biltzarra antolatu zuen eta Kataluniako Zentroaren sustatzaileetako bat ere izan zen.

1977an Bartzelonan izan zen bisitan eta bertan Estatutuaren aldeko irailaren 11ko manifestazioan parte hartu zuen.

2002an Txileko Santiagon hil zen eta bertan izan zen hilobiratua.

Esker onak

aldatu

2006ko martxoan, UdL - Lleidako Unibertsitateko Aukera Berdintasunerako eta Emakumearen Sustapenerako Dolors Piera Zentroa sortu zen, Emakumearen Ikasketen Diziplinarteko Mintegiaren (SIED) eta Lleidako Unibertsitatearen (UdL) arteko hitzarmenaren bidez. Dolors Piera Zentroaren helburuak honako hauek dira: genero-arloko ikerketa eta irakaskuntza sustatzea, profesionalak prestatzen laguntzea eta errealitatea eraldatzea, gizarte justuagoa eta berdintasunezkoagoa izan dadin.[8]

Vilafranca del Penedèseko Dolors Piera ikastetxe publikoak 1934an herri horretan irakasle postua izan zuen pedagogoa gogorarazten du.[9]

2018az geroztik, Lleidako Balàfia barrutiak Dolors Piera izena duen plaza bat du, auzo-erakundeek luzaroan eskatutako errekonozimendua.[10]

Bartzelonako hiriak ere, non zinegotzi izan baitzen, plaza bat eskaini dio Poblenou auzoan maistra errepublikar eta erbesteratuari.[11]

Erreferentziak

aldatu

Bibliografia

aldatu
  • Cañellas, Cèlia; Toran, Rosa (2003). Dolors Piera, mestra, política i exiliada. Bartzelona: Publicacions de la Abadía de Montserrat i Institut d'Educació de l'Ajuntament de Barcelona.
  • Jiménez Mier eta Terán, Fernando (2007) Batec. Historia de vida de un grupo de maestros. Lleidako Unibertsitatea.

Kanpo estekak

aldatu