Apulia
Apulia[1] (Puglia italieraz eta izen ofiziala; Ppùglia napolieraz) Italiako eskualdea, estatuko hego-ekialdean, sei probintziaz osatua. Gargano mendiaren iparraldetik Leucako Santa Maria itsasadarreraino luzatzen da, Apenino mendien hego-mendebaldearen eta Itsaso Adriatikoaren artean.
Apulia | |
---|---|
Administrazioa | |
Estatua | Italia |
Hiriburua | Bari |
Probintziak | Bari Barletta-Andria-Trani Brindisi Foggia Lecce Taranto |
Udalerriak | 258 |
Geografia | |
Koordenatuak | 41°00′31″N 16°30′46″E / 41.0086°N 16.5128°E |
Azalera | 19.362 km² |
Demografia | |
Biztanleria | 4.068.167 biztanle (2005) |
Dentsitatea | 210 bizt/km² |
www.regione.puglia.it |
Probintziak
aldatuOrografia
aldatuLaua da, oro har, baina aipatzekoak dira Gargano mendia ipar-ekialdean, Tavoliere lautada Gargano eta Apeninoen artean, Murge mendixka Tavoliere hegoaldean eta Saletina penintsula, eskualdea hegoaldetik mugatzen duena. Iparraldean daude ibai gehienak, Fortore eta Ofanto ibaiak adibidez, baina ez dira oso handiak. Ur-arazoak izaten dira, eta, hori konpontzeko, ubide bat eraiki da Liritik Apuliara ura eramateko.
Klima
aldatuMediterraneoko klima du, eta estatuko eskualderik lehorrena da, mendietan izan ezik.
Historia
aldatuItsaso Adriatikoak eta Itsaso Jonikoak batzen zituen lurraldea zen Apulia antzina, Fasanoko ekialdetik Tarento iparraldera zihoan eskualdea. Mesapio hizkuntza hitz egiten zuten peucetii eta dauni taldeak bizi ziren han. Erromatarrek izan zuten aginpidea K.a 326 eta 317 artean; abeltzaintza hedatu zuten, eta, horrekin batera, Abruzzi mendietatik Apuliako lautadetarako migrazioak sortu ziren. Erromaren aurkako matxinadak izan ziren bitan, eta ondorioz, ekonomiaren gainbehera nozitu zuen eskualdeak. Augustoren garaian, Italiar penintsulako hego-ekialderaino zabaldu zen Apulia. Geroztik ostrogodoen, bizantziarren eta lombardiarren mende egon zen. Bizantziok bere esku mantendu zituen kaiak, eta haietan zerga handiak ezarri zituen. Zenbait hiri horren aurka altxatu ziren, baina matxinadak porrot egin zuen. Gilen II.arekin hobera egin zuen egoerak, eta kaiak aberasten hasi ziren. Hohenstaufendarren gobernuarekin, aurrera jarraitu zuen eskualdeak, merkataritzari esker batez ere. Genovarrek, veneziarrek eta florentziarrek monopolizatu zuten eskualde horretako merkataritza. XVI. eta XVII. mendeetan, gainbehera egin zuen eskualdeak; izurrite ugari izan zen, turkoek erasoak antolatu zituzten Apuliaren aurka, eta erregimen feudalak hartu zuen indarra. Frantziarrek hartu zutenean, eskualdeko arazo larrienak konpontzeko neurriak ezarri ziren, feudalismoa ezdeustu zen, lurrak banatu ziren. Borboiek agintea lortu zutenean, ordea, berrikuntza horiek porrot egin zuten eta hainbeste kalte ekarri dituen bandolerismoa sortu zen.
Ekonomia
aldatuNekazaritza da bertako ekonomiaren oinarria; lurra emankorra da, baina izurrite ugari izaten dira, eta horrek kalteak ekartzen dizkio ekonomiari. Olibondoak, mahastiak, laboreak, azukre-erremolatxa, fruituak, tabakoa, kotoia, etab. Ezaguna da Bariko ardoa. Bauxita ateratzen dute Garganon. Industria gutxi dago, eta nekazaritzako produktuekin zerikusia duen industria da dagoena. Badira petrolio-findegi batzuk eta mekanika-industria zenbait.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2008-05-30). 154. araua: Europako eskualde historiko-politiko nagusiak. .
Kanpo estekak
aldatu- (Italieraz) Webgune ofiziala