Aditza, semantikaren ikuspegitik, ekintza, egoera edo gertaera bat adierazten duen hitza da; sintaxiaren ikuspegitik, berriz, denbora, pertsona (edo pertsonak) eta beste modalitate batzuk adieraz ditzakeen hitza. Adizkera edo aditz-forma aditzaren modalitateak aditzean txertatzeko modua da.

Ikusi euskarazko aditzaren forma trinkoen taula.

Ohiko sailkapen bati jarraikiz, aditzak bi multzotan sailka daitezke, onartzen dituzten objektuen arabera:

  • Aditz iragangaitzak (aditzak subjektua du): Ama erori da.
  • Aditz iragankorrak (aditzak subjektua eta osagarri zuzena ditu): Amak auto berria erosi du.

Izenak eta aditzak

aldatu

Munduko hizkuntza guztietan "izen" eta "aditz" kategoria lexikoak/sintaktikoak bereizten dira. Tradizioz, desberdintasun hori hiru ezaugarrion arabera egin ohi da: semantikoa, morfologikoa, eta sintaktikoa[1].

  • Ezaugarri semantikoaren arabera, izenek “gauzak” edota “entitateak” adierazten dituzte; aditzak, berriz, “ekintzak”, “egoerak” edota “gertaerak”.
  • Morfologikoki, izenek numeroa eta generoa markatzen duten atzizkiak eraman ohi dute, eta aditzak, ordea, aldia, modua, pertsona markak.
  • Sintaktikoki, izenak perpausaren subjektua ala objektua izan daiteke, baina aditzak subjektua zein objektuaren egoerari buruz adierazten du. Hala ere, hainbat kasutan ezaugarri horiek huts egin dezakete: adibidez, suntsipen hitzak ekintza bat adierazten du eta ez gauza edota entitate bat.

Euskal aditza

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal aditz»

Perpausa aditzaz eta aditzaren inguratzaileez osatutako egitura bat dela onartuz, aditza perpauseko gainerako osagaiei batasuna ematen dien elementua da. Perpausean gertaera bat, ekintza bat, egoera bat… adierazten da eta adierazten den horren muina aditzak dakar. Behin aditz bat aukeratuz gero, perpausa behar bezala eratuta egongo bada, aditz horrek ezartzen dituen eskakizunak bete behar dira, agerian edo ezkutuan, baina aditz edo predikatu baten eskariak, nolabait esateko, perpausean bete behar dira. Adibidez, galdetu aditzak eskatzen du, duen esanahia halakoa delako, galdera egingo duen norbait eta zerbait galdetzea. Horrenbestez, aditz horren inguratzaileen artean bi behintzat beharko dira aditzaren eskakizun horiek betetzeko. Ezin da galdetu aditza erabili, galdetzaile bat eta galdera bat ezarri gabe. Bi osagai beharko dira, bakoitzak bere lekua betez. Eta hirugarren bat ere bai, galderak beti norbaiti egiten baitzaizkio, norbait hori geure burua bada ere. Horietaz aparte, beste hainbat inguratzaile ere ageri dira, aukeran.

 

Bestalde, aditzaren inguratzaileen artean, badirudi beti bat nabarmenduko dela, subjektu-lana egingo duena. Gainerako osagaiak aditz-sintagman bilduko dira. Baina perpausean izena, biluzik, inongo «hornidurarik» gabe, nekez aurkitzen den bezala, aditza ere forma hartuta agertuko da perpausean. Izenak determinatzaileak eta abarrak hartzen dituen bezala, aditzak ere inflexio-marka bereziak hartuko ditu. Hori da, hain zuzen, aditzaren ezaugarri nagusia: inflexio-marka bereziak izatea (denborari dagozkionak, aspektuari dagozkionak, pertsonari dagozkionak, etab.). Aditza jokatu egiten da.

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu